XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ZINE. Italiarren haunditasuna

Izerdia gorputzari bezala dago neorrealismoa gaurkotasunari atxikia.

Ez dakit zein bidetatik abiatuko den neorrealismoa.

Ezta berak kutsatutako gizarte berriaren etorkizuna ere zer nolakoa izango den.

Hitz hauek esanaz bukatu zuen Zavattini-k 1953.ean Parma-n egindako batzarra, neorrealismoa eta Italiako zine egoera ahula aztertuaz.

Zineko divo eta azterlaritza ofizialaren aurkako burruka hasi zen orduan.

Mugimendu bezala hartuz gero, egindako filmengatik baino sortu dituen gizonengatik du garrantzi gehiago.

Horietako gizon batzu eta beren lanak aipatzeari ekin nahi nioke.

Federico Fellini eta Michelangelo Antonioni ditugu 1953 urtetik lanean trebeki ari zaizkigunak.

I Vitelloni egin zuen Fellini-n orduan negu partean jauntxo alferrak itsas ertzean zeramaten bizimodua gaitzat harturik.

Karikatura era darabil egileak, ikuslek pertsonaiez hobeto jabe daitezen.

Gaia erraza izan arren, garbi agertzen du Fellini-k nortasuna.

1954.ean, La Strada burutu zuen.

Olerkiz betetako ipuina egitea lortu zuen, Zampanó (Anthony Quinn) eta Gelsomina (Giulietta Masina) komerianteen eguneroko bizitza, arazoak, alai eta ilun uneak erakutsiaz.

Gizonak, gauzatzat hartzen du emakumea eta bi pertsonak aurka egiten diote elkarri.

Azkenik emakumearen sakrifizioari esker, bide zuzenetik abiatzen da gizonezkoa, olerki eta kristau giro bat sortuaz.

Gizonaren espiritutasuna, abere eta aingeruek dutenen tartekoa da, Fellini-k dionez eta bere pelikula gehienetan behea jota dauden kontzientziak aztertzen ditu; espirituzko bizitzarik gabekoak.

Baina bat batean, argi bat, bizimodua alda araziko dien irtenbide bat izaten dute pertsonaia hauek.

Zampanó, adibidez, itsas ertzean negarrez ikus daiteke pelikularen bukaeran.

Broderick Crawford ere, bide bazterrean, ia hilik agertzen zaigu Almas sin conciencia filmean, bere kontzientziaz eztabaida izan ondoren.

Julietta Masina, bestetik, emagaldu papera egiten du.

Las noches de Caviria-n eta itxaropena du etorkizunaz, hasieran hain iluna zenkuzan etorkizunaz.

Kritika latzak izan ditu Fellini-k.

Ez omen da realista izan; espiritu hutsa besterik ez dutela bere pelikulen amaierak, e.a.

Ez dute arrazoi faltarik horrela diotenek.

Baina, olerki giroa dario Fellini-ren lan guziari, eta olerkari batengandik ez dezakegu zenbait politikoren erantzunik espero.

Bestetik, Fellini ume zelarik (etxe oneko semea gainera) gurasoengandik ihes egin zuen, eta zirko batetara bildu zen.

Zineak, zirkoaren antza haundia du, dio berak.

1959-ean, arrakasta izugarria izan zuen egin berria zuen La dolce vita-k.

Goi mailako burgesia erromatarraren bizitza agertzen du gordinki lan honek.

Beste hainbeste bezala, pelikula hau, ez dago gure lurraldetan ikusterik.

Nahiz garai hartan, Ameriketan dirualdetik filmik emankorrena izan.

Geroztik, aldaketa bat gertatu da Fellini-ren zinekeran.

Otto e Mezzo egin zuen 1963.ean, eta bere bizitzaren azterketa egitea nahi izan zuela esan dezakegu.

Ez zuen ordea salerosketarako lan bat egin.

Lan zaila, ikuste batera loturarik gabekoa eta teknika aurrerakoiz osatua baizik.

Hari beretik, apalkiago bada ere, Ginlietta degli spiriti bukatu zuen 1965.ean.

1969.ean berriz, Satyricon, eta sei urtetan hiru pelikula besterik egin ez dituenez gero, badirudi, ondo neurtutako gai eta lanetan dabilela.

Eta gaurkoa bukatzeko Italia nahiz Europako zinegiroan hain ezaguna den honek lan ulerkaitzak, baina bide batez mamitsuak eskaintzen dizkigula esan dezakegu.

XABIER UNANUE (Jarraitzeko).